sábado, 29 de diciembre de 2012

1842 URTETIK HUNAT



Bidasoa Ikerketa Zentruak eskeinitako ikastaro bati esker, internet bidez liburu bat ezagutzeko aukera izan zuen. Liburu hau 1842 urtean argitaratu zen, eta izenburua “Diccionario Histórico-Geográfico de Navarra” du.

Lehenbiziko begiradaz arras interesgarria egin zitzaidan irakurketa, banan-bana eta alfabetikoki ordenatuak Nafarroako herri guztien datuak biltzen baitziren. Batez ere oinarrizko datuak dire: herri bakoitzak zeinekin egiten duen muga, ze biztanleria daukaten, eskolak, elizak… eta halakoak. Kasu konkretu batzuetan bertze aipamen berezi batzuk ere egiten ditu, adibidez, Amaiureri buruz ari delarik (liburuan “Maya” bezala izendatua da) “Ameier” bezala ere ezagutua dela herri hau aipatzen da. 

Hasieran kuriositatez hasi nintzen gure inguruko herrien datuak irakurtzen, bainan irakurri ahala, datu batzuk atera eta apuntatzea gogoratu zitzaidan. Hori eginez, azpian ikusiko duzuen koadroa atera zitzaidan. 

Ondotik, eta koadro horren irakurketa xume eta zuzen bat eginez, hemen aipatzen diren ondorioak atera ditut: 

Gure herriak POPULAZIO aldetik: 

Garai haietan herri haundiena Lesaka zen 2.160 biztanleekin, eta ttikienak Aniz (106 biztanle) eta Gaztelu (182 biztanle). 

Geroztik huna, herri batzuetan haunitz aldatu da biztanleen kopurua, batzuk haunditzera eta bertze batzuk ttikitzera. 

Ikusi nabarmenenak koadro honetan: 

HERRIA
1842ko biztanleria
2011ko biztanleria
ARIZKUN
1.228
612
ERRATZU
1.110
503
ETXALAR
1.467
826
SUNBILA
1.266
663
BERA
1.709
3.762
DONEZTEBE
704
1.679
ELIZONDO
1.120
3.297
LEITZA
1.620
2.953


Bitxikeriren bat ere aurkitu dut, adibidez: Lesakan 2.160 biztanle bizi zirela aipatzen da, eta aldi beren 127 etxe daudela. Bainan nola daiteke hau?. 

Horren kalkulua eginez, etxe bakoitzean 17 lagun bizi zirela ematen du. Badakigu lehen familiak haundiak zirela, eta etxe bakoitzean jende haunitz bizi zirela… bainan 17 lagun ez ote da soberaxko? 

Behar bada esplikazioa, baserriak ez zirela kontatu izan daiteke. Agian 127 etxe hoiek Lesakako herriko bertakoak bakarrik izanen ziren… 

Gure herrietan ESKOLARATZEN ZIREN HAURRAK 

Garai haietan eskolaratzen ziren haurrak 6 eta 12 urte bitartekoak ziren. Eskolaratzea ez zen derrigorrezkoa, eta joatea edo ez, etxean zegoen lanaren araberan izaten zen. 

Herri bakoitzeko biztanleria eta eskolaratutako haurren kopuruak hartuz, biztanleen batezbertzeko %8a joaten zen eskolara. Horretan ere herri batzuk nabarmentzen ziren: 

- Haur gehien eskolaratuak zituzten herriak: Urroz (%30) eta Zugarramurdi (%20).

- Haur guttien eskolaratuak zituzten herriak: Arizkun, Lekaroz eta Saldias (%2) 

Sexuaren arabera aztertuz, ikastera joaten ziren gehiengoa mutilak ziren, diferentzia haundiakin: 10 eskolaratuetatik, 7 ziren mutilak eta 3 neska. Honetan salbuespen bat badago Zugarramurdin, herri huntan 35 mutil eta 40 neska agertzen zaizkigu eskolaratuak. Aldiz, Amaiur eta Zubietan ez dago neska eskolaraturik, denak mutilak dire. 

Gure herrietako ESKOLAK 

Ia-ia herri gehienek beren eskola zeukaten, Saldias, Azpilkueta, Gaztelu eta Oiz salbu. Oiz eta Gazteluko haurrak Donamariako eskolara joaten direla azaltzen da. Aldiz, ez da azaltzen norat joaten ziren Aniz eta Azpilkuetakoak. 

Herri guztietan maestru bat zen (gizonezkoa) neska eta mutilendako, bainan herri hauetan gainera maistra bat ere bazeukaten, neskei eskola emateko: Arantzan, Arizkunen, Iruritan, Lesakan, Zubieta, eta Zugarramurdin. Aipatzekoa da Lesakan 40 neskendako 3 maistra zituztela (behar bada baserrietako hauzoetan banatuak zirelako?). 

Maestru eta maistren soldatak ikusiz, nabarmen ageri da gizonezkoak hobekiago ordainduak zirela: batez-bertzekoa eginez, maestruek 1996 rv. (*) kobratzen zuten eta maistrek berriz 1.273 rv. Hemen aipatzekoa da Zugarramurdiko maistrak berriz, soldata duina hartzen zuela: 2.790 rv, ia-ia herri bereko maestruak bezain bat, 2.940 r.v. (nahiz eta kontutan hartu behar maistrak maestruak bainan ikasle gehiago zituela). 

(*) OHARRA: “rv.” garai haietako moneda zen , “real de vellon” zuen izena, eta pezetaren 25 zentimoaren balioa zeukan.

KORO IRAZOKI.

No hay comentarios:

Publicar un comentario